XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskalerrian ere izan ziren nolabait fauvismoan inspiratu ziren pintatzaile ospetsuak.

Ezagunena, Francisco Iturrino, 1864 urtean Santanderren jaioa, baina jatorriz mutrikuarra.

Gaztetxo zelarik Bilbaora etorri zen familia eta bertan biziko da sarritan atzerrirako joan etorritan badabila ere.

Iturrino oso pertsonaia interesgarria da.

Bohemio bizitza eta garaitzapena elkartu zituen, plastik artean bide berriak bilatzen saiatu zen.

Berau dugu 1935 urte bitarteko EUSKAL PINTURAren aldian pintatzailerik banguardistenetakoa.

Ez da lehen momentutik pintaketan hasten, baina dibujatzeko afizio haundia du eta arte landan sail asko jorratzera iritsiko da osabak laguntzen diolarik.

Halere, batxilleratoa amaitu ondoren, bere familiak ontzat emanik, injinadore Beljikan ikastea erabakitzen du.

Baina pinturaren deia ozenkiago nabari du bere baitan injinadoretza baino, eta pintatzaile izatea erabakitzen du, tekniko karrera alde batera uzten duelarik.

Erabaki latza zen, egun hartu daitekena baino askoz latzagoa, noski.

Dibujoa estudiatzeari ekiten dio, biluts irudiak bereziki.

Gero, bere lanetan, honetarako joera nabariko zaio.

Erakusketetan ere parte hartzen du Bruselasen.

Parisa iritsi ondoren, 1901 urtean, Vollard Galería famatuan erakusten du, artean 20 urte zituen gazte bat, urtetara zer esana franko sortaraziko duen pintatzailea, Picasso aldamenean zuelarik.

Artean, bi pintoreok, estiloz berdindu zitezkeen nabarmenkeria haundirik gabe; Malagako pintorea beste biderik aukeratu gabe bait zegoen.

Geroztik, Iturrinoren bizitza etengabeko langintza izango da.

Europako hirietan badabila eta baita Espaiñiako herrialdeetan ere; Salamancan luzaroan egon ondoren, Córdoba eta Sevillara jotzen du eta azken honetan jartzen du bere estudioa.

Andalucíako paisajea eta giroa gogoz jasotzen badu ere, lurralde hartako exotismoan murgildu ondoren, Euskalerrira itzuli nahi du.

Bere arbasoen herri txiki hartan, Mutrikun, jartzen du bere tailerra.

1907 urtean berriro Vollard Galerian erakusten du eta ibilian, Paris ardatz duelarik, dabila.

1911 urtean Tángerra doa pintore famatua eta lagun min duen Matisserekin.

Elkarturik gai berdinak pintatzeraino iritsi ziren.

Frantses pintatzailearen zenbait lanetan Iturrinoren eragina nabari da, baina alderantziz, Matissek Iturrinorengan duen influentzia ere argi ikusten da.